Hitzaldia: «Foralitatea: Euskal botere konstituzionagilearen iturria»
Datorren irailaren 30ean, 18:00etan, Bilboko Hurtado de Amezaga kalean kokatutako Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa-Aretoak «Foralitatea: Euskal botere konstituzionagilearen iturria» izeneko mahaingurua hartuko du, Erabakizaleak - Legelari Taldeak eta Gure Eskuk antolatuta.
Saioak esparru juridikoan eta politikoan ibilbide zabala duten hiru hizlari bilduko ditu: David Salinas-Armendariz, Mario Zubiaga eta Roldan Jimeno. Hitzaldiaren helburua euskal foralitatearen sakoneko esanahia aztertzea da; hots, iraganeko eskubide-multzo soil bat izatetik harago, egungo eta etorkizuneko herri-borondatea bideratzeko euskal botere eratzailearen iturri eta oinarri gisa ulertzea. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
